Lankidetza Akitania Berriaren, Euskadiren eta Nafarroaren artean, mugikortasun elektrikoa, autonomoa eta konektatua sustatzeko, POCTEFA COMPET’plus proiektuaren esparruan

Euroeskualde mailako lankidetzarako hitzarmena sinatu dute mugikortasunaren arloko berrikuntzarako TOPOS (Akitania Berria), MUBIL (Euskadi) eta NAVEAC (Nafarroa) plataformek, mugikortasun elektriko, autonomo eta konektatuaren arloan industria- eta teknologia-ehunaren berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzen dituzten proiektuak sustatzeko.

Lankidetza hitzarmena, MUBILen (Gipuzkoako mugikortasun adimendunaren eta jasangarriko erreferentzia poloa), NAVEACen (Nafarroan mugikortasun elektrikoa, autonomoa eta konektatua sustatzeko Nafarroako Gobernuak sortutako berrikuntza‑plataforma) eta TOPOSen (Akitania Berrian mugikortasun adimendunaren arloko soluzioak eta zerbitzua eskaintzera bideratutako klusterra) artean sinatutakoa, hiru erakundeen interes-eremuko proiektuak trukatzearen eta partekatzearen emaitza da, eta Interreg Poctefa COMPET’plus proiektuaren esparruan egikaritzen da.

COMPET’plus proiektuaren xedea da enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzea, esku hartzen duten hiru lurraldeen (Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa) mugaz gaindiko lankidetzaren bitartez, honako lau gaien inguruan baterako eskaintza teknologikoa sortzeko: energia, mugikortasuna, nekazaritzako elikagaiak eta sormen industriak.

Mugikortasun arloan —bai mugikortasun elektrikoari, bai hidrogenoari dagokienez—, ibilgailu autonomoarekin eta konektatuarekin lotutako hiru lurralde‑plataforma edo ‑estrategia horiek identifikatu dira, eta baliteke haien jardun‑arloetan eta proiektuetan bateratasunak egotea. Horrez gain, lurralde bakoitzeko zentro teknologikoen (CIDETEC, NAITEC eta ESTIA) arteko lankidetza ireki da.

Lankidetza‑eremua

COMPET’plus proiektu europarraren baitan egindako bileren bidez, hiru erakunde sinatzaileek eta zentro teknologikoek lurralde bakoitzean abian jarri diren proiektu garrantzitsuak partekatu dituzte. Halaber, etorkizunean lankidetzan jarduteko jakintza‑arlo interesgarriak atera dituzte, besteak beste, elektrizitatearekin birkargatzeko sistemak, potentziaren kudeaketa energetiko eta elektronikoa, biltegiratzea eta bateriak.

Hitzarmenari esker, modu jarraituan lankidetzan jardun ahal izango da, hiru lurraldeetako enpresek, erakundeek eta zentro teknologikoek batera planifika eta aurrera eraman ditzaten mugikortasun elektrikoaren, autonomoaren, konektatuaren eta partekatuaren esparruan bultzatutako proiektuen sentsibilizazio‑, hedapen‑ eta sustapen‑jarduerak. Aurreikusitako jardueren artean, azpimarratzekoak dira Go‑Mobility azoka, Euroeskualdeko eta Europako hegoaldeko eragile publiko eta pribatu nagusien topagune gisa, eta proiektu eta ildo komunen inguruko topaketa teknologikoak, aukera emango baitiete Euroeskualdeko ikerketa‑ eta transferentzia‑zentroei beren ildo zientifikoak eta teknologikoak ezagutzera emateko, proiektu europarrak bilatzeko edo egindako jardueren berri emateko.

Hitzarmenak bi urteko indarraldia du, eta automatikoki berrituko da urtebeteko aldietan.

Compet’plus proiektua

Azken emaitza gisa, POCTEFA COMPET’plus proiektuak bi berrikuntza‑plataforma sortu nahi ditu, trakzio‑enpresen (talde handiak edo enpresa liderrak) eta enpresa hornitzaileen (ETEak eta bertako enpresak) arteko lankidetza sustatzeko, honako lau gaien inguruan baterako eskaintza teknologikoa sortzeko: elektromugikortasuna —elektrikoa zein hidrogeno bidezkoa—; energien hibridazioa; elikadura osasungarria, eta ICC: Industria‑aplikazioetarako animazio birtualeko lankidetza‑lerroa.

POCTEFA COMPET’Plus programa Bayonne Pays Basque Merkataritza eta Industria Ganberak zuzentzen du, eta Gipuzkoako Bazkundea, Sodena, Orkestra eta Akitania Berria‑Euskadi Nafarroa Euroeskualdea ditu bazkide. Programaren beste arloetan eta haren helburuak betez, COMPET’Plus‑ek honako hauek argitaratu ditu:

  • Txosten bat, energia anitzeko estazioen mugaz gaindiko korridore bat sortzeko, 3 lurraldeetako enpresentzako berrikuntza‑plataforma bat eratzeko helburuarekin.
  • Mugaz gaindiko azterlan bat, 3 lurraldeetako produktu ekologikoen eta kalitate‑seinaledun ekoizpenari buruzkoa, sukaldaritza kolektiboan erabiltzen diren bertako produktuen ehunekoa handitzeko konpromisoarekin.
  • Mugaz gaindiko Partzuergo baten sorrera, Gamifikazioan, Ikuspen birtualean eta Errealitate areagotuan espezializatutako enpresekin.

COMPET’plus proiektuaren (2020‑2022) % 65 Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia‑Frantzia‑Andorra (POCTEFA 2014‑2020) programaren bidez. Lurralde‑lankidetzako programa europarra da, hiru lurraldeen arteko mugako lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko sortua.

HARPIDETU GURE NEWSLETERRERA