POCTEFA COMPET’plus proiektuaren itxiera jardunaldia

POCTEFA COMPET’plus proiektuko bazkideek proiektuaren eta bere lau jarduera-eremuetan (energia, mugikortasuna, nekazaritzako elikadura eta sormen-industriak) lortutako emaitzak jakinarazi dituzte Biarritzeko Bellevue aretoan egindako ekitaldian

Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako enpresek, teknologia-zentroek eta klusterrek proiektuaren azken emaitzak ezagutzeko hitzordua izan dute gaur Biarritzeko Bellevue aretoan. COMPET’plus mugaz gaindiko proiektua da, eta I+G+B arloan enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzea du helburu, tartean diren hiru lurraldeen mugaz gaindiko lankidetzaren bidez.

Proiektuak interes komuneko lau gai edo arlotan jarri du arreta: elektromugikortasuna, elektrzitate zein hidrogeno bidezkoa; energien hibridazioa; elikadura osasungarria; eta KSI: industria-aplikazioetarako animazio birtualeko lankidetza-lerroa.

Gainera, proiektuak bi azterlan egin ditu. Alde batetik, lurraldeen lehiakortasunerako apustuak eta haien erronkak aztertzea, mugaz gaindiko enpresa-aukerako eremuak identifikatzeko abiapuntu gisa; eta, bestetik, mugaz gaindiko klusterretan parte hartzeko epe ertaineko ibilbidea egiten duten erakundeen portaera aztertzea, eremu horretako ikaskuntzak identifikatzeko.

Lortutako emaitzak oso oparoak izan dira.

Elektromugikortasunaren arloan, 130 parte-hartzaile baino gehiago bildu dituzten 7 topaketa eta eremuko bisitetan egindako lanaren ondorioz, TOPOSek (Akitania Berrian mugikortasun adimenduneko soluzioak eta zerbitzua eskaintzen duen klusterra) MUBILek (Gipuzkoako mugikortasun adimenduneko eta jasangarriko erreferentzia-poloa) eta NAVEAC/NAITECek (Nafarroako Gobernuak bertako mugikortasun elektriko, autonomo eta konektatua sustatzeko sortutako berrikuntza-plataforma) Euroeskualde barruko lankidetza-hitzarmena sinatu dute.

Mugikortasun elektriko, autonomo eta konektatuaren alorrean ehun industrial eta teknologikoaren berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatuko duten proiektuak sustatzea da 2022ko GO MOBILITY azokan berretsitako akordio horren helburua. Ingurune errealetan konektatutako ibilgailuaren proba eta experimentazio-inguruneen azpiegiturak, garapenak eta emaitzak bateratzeko beharra identifikatu da, besteak beste.

Hibridazio energetikoari dagokionez, hiru lurraldeetan (Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa) zerbitzuguneak izango dituen mugaz gaindiko energia anitzeko zerbitzugune-korridore baten diseinuari buruzko azterlan bat egin da. Azterlan horretan oinarrituta, lantaldeak sortu dira hiru lurraldeetako erakunde publiko, industria-enpresa handi eta klusterrekin, erdigunean adostasuna eta osagarritasun ekonomiko eta energetikoak jartzen dituen ibilbide-orri bat ezarriz. Arlo honetan garatutako jardueretan 92 parte-hartzaile baino gehiago izan dira.

Elikadura osasungarriari dagokionez, 80 parte-hartzaile baino gehiago bildu dituzten 4 webinar eta tailer antolatu dira. Haietan sukaldaritza kolektiboaren eskaintza eta eskaria bateratuko dituen plataforma bat egituratzen lan egin da, eta plataforma horrek sare horretan produktu freskoak, tokikoak, ekologikoak edota kalitatezko marka dutenak hornitzea izango du xede.

INTIAk eta Onsen Conseilek egindako azterlan batean oinarrituz lortu dira lankidetzaren ondorio nagusiak, eta bertan mugaz gaindiko sare batek sukaldaritza kolektiborako eredu bereizgarriak ezartzeko dituen aukerak nabarmentzen dira. Horretarako, produktu ekologikoak, tokikoak eta kalitate-markak dituztenen ekoizpenari eta banaketari buruzko araudia eta autohornikuntza-maila aztertu da, eta kasu arrakastatsuak eta jardunbide egokiak identifikatu dira.

Industria-sektoreari aplikatutako sormen eta kultur industrietan, Gamifikazioaren, Errealitate Birtualaren eta Errealitate Areagotuaren alorretako mugaz gaindiko kluster bat sortu da. Sormen eta kultur industrien arloko ahaleginak bateratzeko, 80 parte-hartzaile eta 12 enpresa bildu dituzten 4 mintegi eta aurrez aurreko bilera egin dira.

Klusterra osatzen duten enpresek honako lan-ardatz hauek ezarri dituzte: sektorearen ikusgarritasuna handitzea, sor daitezkeen arazoei irtenbide bateratuak aurkitzea, eskariari erantzuteko osagarritasunak bilatzea eta nazioartekotzea errazteko sinergiak aurkitzea. Bestalde, sektorearen potentziala garatzeko beharrezko gaitasun-profilak ere identifikatu dira.

Mintegiak, topaketak eta azokak

2020an proiektua hasi zenetik, ezagutza-trukerako hainbat saio egin dira, ekimenaren alderdi teorikoak eta praktikoak bateratzeko. Gainera, emaitzak aurkeztu eta mugako eskualdeek ekonomia adimentsu, jasangarri eta integratzaile bihurtzeko izan dezaketen zereginari buruz eztabaidatzeko, POCTEFA COMPET ‘plus proiektuak ekitaldi paralelo bat antolatu du 2021eko Eskualdeen eta Hirien Europako Astearen esparruan, eta Tokiko ekitaldi bat ere bai 2022ko Industriaren Europako Egunen esparruan.

Aldi berean, lan-sektoreetako mugaz gaindiko fluxu ekonomikoak (erosketak eta salmentak) aztertzen ere jardun da. Ebaluazio horrek intentsitate handieneko fluxuek intereseko gune eta eremuetan nola jokatzen duten aztertzeko aukera eman du eta baita mugaz gaindiko eremutik irteten diren fluxu ekonomikoak zein diren jakiteko ere. Mugaz gaindiko merkataritza hazteko potentzial handia dagoela identifikatu da, horretarako Iparraldea Euskadi eta Nafarroatik kanpo inportatu eta esportatzeko iturri garrantzitsuak aprobetxatuz, horiek bertako iturrien %50 inguru direla jakinik.

Azkenik, bi azterlan egin dira: hiru lurraldeetako Espezializazio Adimendunaren Estrategien (RSI3) konbergentzien azterketa batetik, eta berrikuntzarako mugaz gaindiko lankidetza-ekimenak bultzatzen dituzten erakundeentzako ikaskuntza bestetik, biak ere ORKESTRAk eginak.

Compet’plus proiektua

Azken emaitza gisa, POCTEFA COMPET ‘plus proiektuak bere helburuak bete ditu enpresa traktoreen (talde handiak edo enpresa liderrak) eta enpresa hornitzaileen (ETEak eta tokiko enpresak) arteko lankidetza sustatuko duten bi berrikuntza-plataforma sortuz, lau gairen inguruko eskaintza teknologiko bateratua sortzeko: elektro-mugikortasuna, bai elektrizitate bai hidrogeno bidezkoa; energien hibridazioa; elikadura osasungarria eta KSI industria-aplikazioetarako animazio birtualeko lankidetza-lerroa.

POCTEFA COMPET ‘Plus programa CCI Bayonne Pays Basque erakundeak zuzentzen du eta Gipuzkoa Ganbera, Sodena, Orkestra eta Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdea ditu bazkide. COMPET’plus (2020-2022) proiektuaren %65 Eskualde Garapeneko Euopako Funtsak (EGEF) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren bidez (POCTEFA 2014-2020). Azken hau hiru lurraldeen arteko mugako lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko sortutako lurralde-lankidetzako programa europarra da.

HARPIDETU GURE NEWSLETERRERA