Proiektuaren lehen urtearen zein lehen emaitzen balantzea positiboa da.

Maiatzaren 20ean, osteguna, egin zen Interreg POCTEFA funtsek finantzatutako COMPET ‘plus proiektuaren hirugarren gidaritza-batzordea. Datorren uztailaren 1ean ekitaldi bat antolatuko da, proiektuaren lehen emaitzak jendaurrean aurkezteko.
Bilera honi esker, proiektuaren emaitzen lehen balantzea egin ahal izan da eta enpresa traktore zein liderren eta enpresa hornitzaileen arteko lankidetza-lana sustatuko duten 2 berrikuntza-plataformaren sorreran aurrera egiteko hurrengo urratsak identifikatu dira, haien bidez eskaintza teknologiko bateratua sortu ahal izateko.
2020an proiektua abiarazi zenetik hasita, hiru lurraldeetako Espezializazio Adimenduneko Estrategien konbergentziak aztertu dira. Azterlan horri esker, aukera-nitxoak, berrikuntza-erronka partekatuak eta interes komunak identifikatu dira, eta horrela, COMPET ‘plusen jarduerak bideratu ahal izan dira mugaz gaindiko lankidetza lurralde-lehiakortasunaren faktore gisa eraikitzeko. Azterketa hori ORKESTRAk gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez egindako argitalpen batean jaso da.
RIS3en azterketatik ateratako lehentasunezko 4 eremuei erreparatuta, COMPET ‘pluseko bazkideek honako gai hauek landu dituzte mugaz gaindi:

  • Elektro-mugikortasuna, elektrizitate eta hidrogeno bidezkoa
  • Energien hibridazioa
  • Elikadura osasungarria
  • ICC: industria-aplikazioetarako animazio birtuala

Horretarako, 6 web-mintegi, 2 lantalde eta hainbat bilera antolatu dira enpresa, erakunde publiko, teknologia-zentro eta klusterrekin, sinergiak, jarduera berritzaileak eta mugaz gaindiko balio-kateak identifikatzeko eta mugaz gaindiko berrikuntza eta negozio-aukerak aztertzeko. Ekitaldi horietan 202 eragile, enpresa eta erakundek baino gehiagok parte hartu dute. Ekitaldien laburpena, aurkezpenak eta grabazioak eskuragarri daude proiektuaren webguneko baliabideak eta albisteak atalean.

Komunikazioari dagokionez, lehenengo urte honetan competplus.eu webgunea eta proiekturako sare sozialak (Linkedin eta Twitter) jarri da martxan. Kanal horiek, newsletterrekin batera, proiektuaren ekintzei eta emaitzei buruzko informazioa eta komunikazioa ahalbidetzen dute.

Ibilbidearen lehen urte honetan, ezagutza transferitzeko bi saio ere antolatu dira, proiektuaren barruan esparru teorikoaren eta garapen praktikoaren arteko sinergiak sustatzeko.

Azkenik, aurrera egin da lurralde bakoitzaren interesekoak diren mugaz gaindiko fluxuen azterketan (batez ere erosketak eta salmentak). Aztertutako lehen sektoreak – nekazaritzako elikagaiak – aukera eman du intentsitate handieneko fluxuek intereseko eremuetan nola jokatzen duten aztertzeko, eta mugaz gaindiko eremutik ateratzen diren fluxu ekonomikoak ere azaleratu ditu. Datozen hilabeteetan, gainerako sektore konbergenteen azterketa aurkeztea espero da.

Proiektuaren ibilbideko lehen urtearen balantzea oso positiboa da, izan ere, enpresek, teknologia-zentroek, klusterrek eta erakunde publikoek interes handia erakutsi dute bertako hainbat gairi buruz eta mugaz gaindiko lankidetzak eskaintzen dituen negozio-aukerei buruz.

COMPET ‘plus proiektuak ekitaldi bat antolatu du datorren uztailaren 1ean, lehen emaitzak jendaurrean aurkezteko eta mugaz gaindiko lankidetzen aukerei buruz eta berrikuntzarako 2 plataforma sortzeko eman beharreko pausoei buruz eztabaidatzeko.

HARPIDETU GURE NEWSLETERRERA