Mugaz gaindiko bigarren topaketaren balorazioa oso positiboa izan da eta berrogei bat pertsonak parte hartu dute.

POCTEFA COMPET’plus proiektuak mugaz gaindiko bigarren topaketa antolatu zuen apirilaren 22an, elektromugikortasunaren esparruan, elektrikoan zein hidrogeno bidezkoan, sinergiak eta osagarritasunak identifikatzeko xedez.

Mugaz gaindiko espazioan diharduten eragileak zein proiektu pilotuak ezagutzea zen helburua, eta baita beharrizanen, lankidetzarako oztopoen eta mugaz gaindiko aukeren inguruko hausnarketa partekatzea ere. Parte-hartzaile bakoitzak bere burua aurkezteko aukera izan zuen, bere lan egiteko modua, estrategia eta produktu edo zerbitzu esanguratsuenak nabarmenduz. Horri esker, balizko osagarritasunak eta lan-ildoak identifikatu ahal izan dira, mugaz gaindiko proiektuak egiteko.

Lehenik eta behin, NAVEAC plataforma nafarra aurkeztu zen. Ekimen horren helburua Nafarroak ibilgailu elektriko, autonomo eta konektatuaren arloan duen ahalmen industriala garatzea da. Nafarroako Gobernuak sustatutako ekimena da, Sodenaren bidez, automobilgintzaren sektore industrialaren ahalmena ibilgailu elektrikoa eta horren osagaiak garatzera bideratzeko eta horrez gain, Nafarroan mugikortasun aukera berriak garatzen eta martxan jartzen laguntzeko. NAVEAC plataformak 60 kidetik gora ditu eta mugikortasun elektriko, jasangarri, konektatu eta partekatuaren joeretan eta erronka teknikoetan sakontzen du. Hala, Nafarroaren ahalmen industrial eta zientifiko-teknologikoekin lotzen ditu, sektore publikoaren ekintzak zein sektore pribatuarenak konbinatzen dituen jarduketa-plan baten bidez. https://www.naveac.com/

Bigarrenik, FEBUS proiektua aurkeztu zen, hau da, Paueko aglomerazioak hidrogenoa zero emisiorekin garraiatzeko abiarazitako sistema, Paueko aglomerazioak mundu jasangarriaren alde hartutako konpromisoaren erakusgarri. Lehenengo linea 2019ko uztailaren 8an jarri zen martxan eta bigarren linea bat martxan jartzea aurreikusten da. Hidrogenozko motorrarekin funtzionatzen duten 18 metroko ibilgailuez osatutako lehenengo autobus linea da munduan. Aurkezpenean zehar, proiektu honetan egindako lana erakutsi zen. Hala, hidrogenoa teknologia gisa zergatik aukeratu zen, karga puntuak, sarearen ezaugarriak, azpiegiturak, hidrogenoaren ekoizpena eta abar nabarmendu ziren. Mugikortasuna zein energia gauzatu beharreko proiektuaren eskakizunen eta ezaugarrien arabera hautatzeko beharrizana azpimarratu zen bereziki. https://www.idelis.fr/se-deplacer/le-reseau-de-bus/febus-le-bus-zero-emission

Azkenik, MUBIL zentroa aurkeztu zen, hots, erreferentziazko poloa Gipuzkoako Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriaren arloan. MUBIL mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloko jarduna, zientzia eta ezagutza garatzeko espazio fisikoa da. Etorkizuna Eraikiz programaren baitan jaio zen MUBIL. Programa horren helburua, hain zuzen ere, lurraldeak dituen erronkak identifikatzea da, ostean etorkizunerako apustuak planteatu eta gauzatzeko. Ildo horretatik, lau norabidetan lan egiten dela azaldu zen: azpiegitura teknologiko sendoak izatea, ekintzailetza sustatzea, ezagutza sortu eta kudeatzea eta Gipuzkoa living lab bat bilakatzea, esperimentazioaren bidez. Bereziki, energia biltegiratzeko laborategia aurkeztu zen, ahalmen teknologikoaren aldetik MUBIL Europako bi zentro nagusien parean kokatuko duena. https://www.mubil.eus/es/

Hitzaldiak eta aurkezpenak webguneko baliabideen eremuan daude eskegita.

HARPIDETU GURE NEWSLETERRERA